miércoles, 27 de julio de 2011

Diamante espazialak

Bai, espazioko diamanteak esan nahi dut; beraz, "espezialak" edo berezi samarrak ere bai.
Karbonoaren posibilitateak anitzak direla badakigu. Biziaren oinarria den elementu hori, era askotara ager daiteke naturan, eta horien artean karbono-atomoak besterik ez duten substantzien artean, lehendabizi diamantea eta grafitoa aipatu beharko genituzke. Berauen propietate kontrajarriak, gogortasuna eta biguntasuna esate baterako, egituraren arabera justifikatzen dira. Hona hemen nolakoak diren bata eta bestea, diamantearena ezkerrean eta grafitoarena eskuinean, kimikako oinarrizko mailetan ikasten diren modura:  


Bestalde, material berrien artean fulerenoak (Donostian ezaguna dugun Harold Kroto Nobel saridunak landuak) eta grafenoak (2010eko Fisikako Nobel saria) aipatu beharrekoak ditugu. Azken hauek, grafitozko geruza ultrameheak direnak, propietate elektriko bitxiak omen dituzte, eta aplikazio interesgarriak  iragartzen dituzte energiaren metaketa-sistemetan.
Baina sarrera honen helburua ez da hori guztia tratatzea baizik eta artikulu bitxi honetan Josep Caniciok    (IQS-n edo Barcelonako Sarria Institutu Kimikoan irakasle dena) idatzitakoa laburki aipatzea. 
Orain arte ezaguna zen diamanteak sorrarazteko lurrazpiko baldintza berezi-bereziak behar zirela; hots, presio izugarri altuak eta tenperatura handi-handiak ere bai. Horregatik hortik datorkie urritasuna eta ondorioz, balio estetikoa gehituta noski, duten prezio garestia. Gaur egun, naturaren baldintzak imitatuz, diamante sintetikoak lor daitezke industrialki eta, frikia bada ere, badago negozioa montatuta duena hildakoen errautsez haien familia-oroigarriak izango diren diamanteak fabrikatuz eta salduz.
Canicioren artikuluan esaten denez, badirudi XX. mendeko Arthur C. Clarke zientzia fikziozko idazle ospetsuak proposatutakoa, Jupiterreko nukleoa Lurra bera baino handiagoa den diamantea izan zitekeela, alegia, egia izan daitekeela. Eta arrazoia da gasezko planeta erraldoien erdigunean (gaseosoak kanpoaldean ez ordea erdian non solidoak direla uste den) baldintza egokiak gerta daitezkeela, bai lehengaien aldetik (batez ere metanoa) zein presio eta tenperaturagatik ere diamanteen sintesia erraztu dadin; hori omen da J. H. Eggert jaunak esperimentatu eta argitaratu duena Nature Physics-en.
Beraz ez da The Beatles-en amets psikodelikoa bakarrik, "Lucy in the Sky with Diamonds" abestian, zeruan diamanteak aurkitzeko nahia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario